Hiriak Bakerako gune, topaketa eta bilgune dira, eta bake kultura sustatu behar dute. Hiri hezitzaileak demokraziaren normalizazioarekin eta giza eskubideak betetzearekin konprometiturik daude, eta bake-kulturaren oinarri izango diren baloreak eta biziaren defentsan, desberdintasunarekiko errespetuan, askatasunean, elkartasunean, tolerantzian, duintasunean eta justizian oinarrituriko elkarbizitza-eredua transmititu eta finkatzeko aukerak sortu behar dituzte.

Ildo horretatik, Donostiako alkatetza eta Hezkuntza, Giza Eskubide, Gazteria, Lankidetza eta Tolerantziako arloa "Baloreetan Hezten duten Hiriak" programaren esparruan dagokigun arduraren jakitun gara, eta horrek "Donostia, bake-kulturaren gunea" programa sustatzera garamatza. Aipatutako programak Euskadin bakerako hezi, gure harremanetan gizatasuna indartu eta elkarbizitza berregin nahi du.

Proiektu horren barruan, ekimen berri eta itxsropentsua aurkezten dugu: Ikertzek diseinaturiko Imajina dezagun bakea. Helburu argi batekin sortu da, eta horretan oinarritzen da proiektua: bakeari buruzko gogoeta-markoan haurren ahotsa sartzea, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei giza eskubideak ezagutaraziz eta giza eskubideen esanahiaren eta defentsaren berri emanez.

Jarduera pedagogiko gisa planteatzen da, eta haurrak ditu protagonista. Eskolaz haratago doa, eta, hala, gure hirian jarduera hezitzaileak egitendituzten eragile soziokulturalen laguntza lortu du.

Material didaktiko hori Donostiako eta Bartzelonako eskolekin, hezkuntzako ikerlariekin eta artistekin probatu eta kontrastatu ostean, azkenik irakasleen kuaderno hau egin da, 1989ko Haurren Giza Eskubideen Deklaraziotik abiatuta. Haurrentzako hizkuntza ulerterrazera egokitu da, eta deklarazio horren hainbat kontzeptu sakontzen dira.
Horien artean, lehentasuna eman zaie bizitzeko eskubideari, nortasuna, babesa, hezkuntza eta ongizatea izateko eskubideei, jolasteko eskubideari, berdintasunerako eta lankidetzarako eskubideari, parte hartzeko eskubideari... Azken batean, neska-mutil guztientzako berberak diren eskubideei, eta horiek errespetatzeko eta defendatzeko duten betebeharrari. Erabilitako metodologiak pentsarazi egiten die neska-mutilei, gogoeta eragiten die lagundu duten helduei eta mintzaira desberdinez bailatuz eduki etikoekin adierazten erakusten die.

Eskerrak eman nahi dizkiet material hau egiten lagundu duten hezitzaile guztiei, batez ere ikertzeri, proiektu bikain honetan parte hartzeko aukera emateagatik. Halaber, nire esker ona adierazi nahi diet, giza eskubideen gaira hurbiltzeko eta horretaz gogoeta egin eta kontzientziatzeko bitartekoak emanez belaunaldi gazteenei egin zaien ekarpenagatik. Bene-benetan, hezkuntzan egindako ahalegin eta inbertsio horrek bake-kultura eta gizalegearen kultura hedatzen lagundu eta gure hirietan eta munduan demokraziaren eta giza eskubideen baloreetan sakontzeko balioko duelakoan nago.


ODON ELORZA
Donostiako alkatea