“Eskolako Bidea” programa arrakastaz iritsi da gros auzora.

Zortzi boluntario hainbat elkargunetan kokatzen dira eta ikasleei etxetik ikastetxerako bidea segurtasunez egiten laguntzen diete.

Imagen 2
Donostiako Udalak eta Zuhaiztiko HLHIak “Eskolako Bidea” izeneko programa abiarazi dute Gros auzoan; programa horren bidez, ikastetxera oinez joaten diren haurrek egunero-egunero izaten dituzten zailtasunak —mugikortasunaren eta segurtasunaren aldetik— agerian jarri nahi dira.

Jardueraren helburua zera da, haurrek ikastetxerainoko bidea oinez eta lagunekin egin ahal izatea eta, pixkanaka-pixkanaka, gurasoek ardura hori haurrengan uztea, autonomia eta erantzukizuna lantzeko.

Esperientzia-pilotu hori burutzeko, zortzi boluntarioren laguntza dute eta 7 elkargunetan egoten dira:

  • Mandasko Dukea (epaitegiaren pareko zebra-bidean)
  • Zuhaizti Plaza (Renfeko trenbidearen azpian)
  • Pinudi Plaza Sekundino Esnaola (2) kalearekin
  • Mirakruz 11
  • Mirakruz kalearen eta Gloria kalearen arteko bidegurutzean
  • Mirakruz kalearen eta Ategorrieta hiribidearen arteko bidegurutzean
  • Karkizano kalearen eta Galtzada Nagusiaren arteko bidegurutzean

Boluntarioek honako eginkizun hauek dituzte:

  • Haien ustez arriskutsuak izan daitezkeen tokietan ongi ikusteko moduan kokatzea.
  • Semafororik gabeko zebra-bideak zaintzea eta ibilgailuak geldiaraztea oinezkoei pasatzen uzteko.
  • Haurrek zebra-bideak segurtasunez zeharkatzea.
  • Haurrak oinez eta heldurik gabe ibil daitezkeela bermatzea.

Horretaz gain, egun hauetako zaintza-lana oso baliagarria izango da etorkizunean mugikortasuna hobetzen jarraitzeko.

Mirakruz kalea, seguruagoa

Egun hauetan egindako lan koordinatuari esker, Mirakruz kalea seguruagoa da orain hiriko oinezko guztientzat.

Boluntario taldeak ikastetxearen inguruko gune arriskutsuena identifikatu zuen, Mirakruz kaleko semaforoa, oso denbora gutxi egoten baita berde, eta hain justu toki horretatik igarotzen dira ikastetxeko ikasle gehien-gehienak. Mugikortasun-arloarekin batera lan eginez, esperientzia bera amaitu aurretik lortu dute jada oinezkoentzat berde egoten den denbora luzatzea; hartara, auzo osoarentzat mesede.

Auzoan gustura daude programarekin

Zuhaizti LHIko lan-taldeko kideak oso pozik daude euren lanak auzoan eragin oso positiboa izan duelako oso denbora laburrean, eta orain, hobekuntza gehiago nola lortu ari dira pentsatzen.

“Oinez eskolara” programaren esperientziari esker, argi geratu da zein diren adingabeen segurtasuna arriskuan jartzen duten arazo edo joera nagusiak: alde batetik, abiadura handiegian ibiltzea, eta bestetik, oinezkoari errespetu txikia izatea.

Horretaz gain, konturatu dira auzoko hainbat gune ez direla diruditen bezain arriskutsuak eta haur taldeek ez dutela inolako eragozpenik izan etxetik ikastetxerainoko bidea oinez egiteko.

2011/02/04-an argitaratua