Erakusketa: hegan egitea debekatuta: haurtzaroa eta gatazka armatuak. Aiete Kultur Etxean. Uztailaren 14tik abuztuaren 31ra

Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak eta Gernikako Museoa Fundazioak antolatuta

16 argazkilari ospetsuk (Gervasio Sanchez —2009ko Argazki Sari Nazionala—, Corinne Dufka, Jorge Zapata, Kim Manresa, José Luis de la Cuesta edo Miguel Berrocal, besteak beste) egindako 36 argazkiek gerra munduko hainbat txokotan (El Salvador, Ruanda, Angola, Kolonbia, India, Peru, Iran…) gerra jasaten duten umeen barne dramak erakusten dituzte. Gaur egun, 300.000 bat neska-mutil soldadutzat erreklutatzen dituzte planetan zehar piztuta dauden ia hogei gatazka armatutan.

Erakusketa Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak aukeratu du, eta Aiete kultur etxean egongo da ikusgai uztailaren 14tik abuztuaren 31 arte. Irudi ziragarriekin batera, erakusketak datuak eta azalpenak eskaintzen ditu gerrak era indarkeriaren kulturak populazio sektorerik zaurgarrienetan, haurrengan, dituzten ondorioei buruz.

Hala, gerran dagoen herri bateko ume batek nolako egoerak bizi behar izaten dituen erakusten ditu: familiengandik urrun erbesteraturiko haurrak; umezurtzak; neska-mutil elbarrituak; gerra irakasten eta egitera behartutako txikiak…, bakea bizikidetzaren eta tolerantziaren bidez ikastea eta bizitzea gauza eskuragarria dela irakatsi beharreko umeak. Berriro jolastea eta barre egitea posible dela.

Erakusketa osatzeko, bi film labur egongo dira ikusgai, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Lehiaketan ikusiak: Sejong Park-en Birthday Boy (2004) eta Alberto Doradoren Lost (2009).

Erakusketa lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa) ekoiztu dute Bakearen eta Giza Eskubideen Etxeak eta Gernikako Bakearen Museoa Fundazioak. Donostiako eta Gernikako Bake hazitegien lankidetza hau beste pausu bat da bi erakundeok Bizikidetzaren Kultura —2016an Donostiak Kultur Hiriburu moduan izango duen ardatzetako bat—, giza eskubideak eta bakea bultzatzeko gauzatu beharreko ekintza ugarietan.

Erakusketa zabalik egongo da asteartetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etatik 20:30etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.

Donostiatik erakusketa Gernika-Lumoko Bakearen Museora aldatuko da, eta han 2011ko urriaren 20tik 2012ko otsailaren 26a arte izango da.
Imagen 2Argazkia: Corinne Dufka. Reuters



Irudiak








2011/07/13-an argitaratua