Eraikitako Hiri Ondarearen Planaren hasierako onarpena

Sei babes-maila ezarri ditu 1.100 fitxatik inguru dituen dokumentuak. Jendaurrean 45 egun eman ostean, aurkeztutako alegazioak aztertu, eta behin betiko onarpena emango dio Osoko Bilkurak

Donostiako Udaleko Gobernu Batzarrak hasierako onarpena eman dio Eraikitako Hiri Ondarearen Plan Bereziari. Udalerrian behar-beharrezkoa da babestu beharreko hiri-ondarea babesteko irizpide berriak ezartzea bertako elementu bakoitzaren babes-maila zehaztuta; funtsezkoa da Donostiako hiri-ondarearen katalogoan sartu beharreko multzo, eraikin zein elementuak zerrendatuta eta definituta izatea, haien balio kulturala dela-eta (arkitektonikoa, ondarezkoa, eta abar) babestu beharrekoak direnak. Hain zuzen ere, esleitutako babes-mailak baldintzatzen du elementu horietan zer-nolako esku-hartzeak egin daitezkeen, dokumentuak multzo, eraikin eta elementu horien tratamendu-erregimena eta babesa finkatzen dituelako.  

Plan Berezi hau prestatzeko eta izapidetzeko lanei 2009an eman zitzaien hasiera eta oraingo gobernuak gaiari heldu zion. Planari doikuntza garrantzitsuak egin zaizkio; batetik, aldi hartan aurkeztutako alegazioak aintzat hartu dituelako, eta, bestetik, 2009ko martxoan hasierako onarpena jaso zuen Plan Berezian luzatutako proposamenak ere jaso dituelako. Egungo exekutiboak berrabiarazi egin du Plana: babestu beharreko eraikinen eta elementuen 1.100 fitxa baino gehiago biltzen ditu, eta aldaketa nabarmenak ditu aurreko dokumentuarekiko.  

Doikuntza esanguratsu horiek direla kausa jaso du dokumentu berri honek hasierako onespena. Eta, hala, izapidean aurrera eginda, 45 egunez jendaurrean ikusgai egongo da. Epe hori igarotakoan, aurkeztu diren alegazioak aztertu beharko dira, Osoko Bilkurak Planari behin betiko onespena eman baino lehen.  

Berritasunak


Planak dituen berritasunen artean, sei babes-maila ezarri dituela azpimarratu behar da; lau zituen aurrekoak. Oraingo honetan, fatxaden babesaz haraindikoa eskaintzen du proiektuak; hori horrela, hainbat barnealde, plaza eta multzo arautzen ditu, eraikinekin batera. Horrez gain, denborazko irizpideak ere jaso ditu, elementuak babestu beharrekoak diren edo ez zehazteari begira.  

Bestalde, Plan Bereziak bere esparrutikkanpo utzi du Alde Zaharrak eta Portuak osatutako multzoa, haren berezitasunean oinarrituta. Salbuespen bat xedatu du, hala ere: Eusko Jaurlaritzaren erabakiz babestu beharreko eraikin eta elementuek osatutako multzoa; Plan Bereziaren barruan jarraituko du. Eusko Jaurlaritzak Alde Zaharrari eta Portuari eman beharreko babesaren inguruan erabaki bat hartzeko zain dago Udalbatza, multzo hori birgaitzeko plan berezia haren arabera moldatzeko.  

Horrez gain, berregokitu egin dira hainbat arlotan esku hartzeko irizpide orokorrak; besteak beste, behe- eta goi-solairuei eman beharreko tratamendua, jasodurei, zureriari, begiratokiei, eta abar.  
Erlazionatutako dokumentuak

2013/04/05-an argitaratua