Esku-orriak banatuko dira Txomin eta Martutenen, uholdea izanez gero bizilagunek nola jokatu behar duten jakin dezaten.
Etxearen eta Urumea ibaiaren artean zer tarte den, halako informazioa izango da.
Uztailan zehar, Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzua informazio kanpaina bat egiten hasiko da. Hala, esku-orri batzuk banatuko ditu Txomineneko eta Martuteneko atarietan, bizilagunek, uholde arriskua denean zer egin behar duten jakin dezaten.
Esku-orri guztiak ez dira berdinak. Dena delako etxearen eta ibaiaren artean den distantziaren arabera (50, 100, 150 edo 200 metro), informazio bat edo beste izango dute: nora joan, zer egin, etxearen aseguruari buruzko gomendioak edota bilera guneak zeintzuk diren.
Esku-orriek lau egoera desberdintzen dituzte: Alerta, Alarma, Larrialdia eta Ebakuazioa eta inguruko portale eta postontzietara eramango dituzte.
Informazio hori bera 8 PDFtan eskuragarri izango da, udal web gunean. Helburua zera da, etxeetako bakoitzean hauetako esku-orri bat izatea eta uholde abisua heltzen den unetik aurrera, aurreikusitako protokolo baten bitartez jardutea. Batzuk besteengandik ahalik eta gehien bereizten dira, adibidez, portale, kale eta auzoa jarriz.
Udalak, bestalde, plan berezi bat prestatuko du Lorategi Hirirako.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek gogorarazi du Udala bi bidetan ari dela uholderik izan ez dadin edo, izanez gero, ahalik eta kalterik txikienak egiteko lanean. “
Alde batetik, larrialdi plan bat egin dugu, lehengoak gabezia batzuk zituela ikusi genuen eta; eta, bestetik, beste erakunde batzuekin akordio batzuk egiteko lanean ere ari gara, uholderik ez izateko egin behar diren obrak egiteko”.
Horren harira, esan du lortu dituzten akordioetatik azpimarratzeko moduko bat ETSren Loiolako zubia eta kolektorearen pasabidea kendu eta berriak egiteko lortutakoa dela, dagoeneko egiten ere ari baitira proiektu hori; eta Egia auzoko Sarasolako zubi berria egiteko akordioa da beste bat, eta horren hitzarmen zirriborroa ere bidalia dio Udalak URAri.
Udalak, bestalde, plan berezi bat prestatuko du Lorategi Hirirako, parte-hartze prozesu bat eginda.
Aipatzeko modukoak dira, orobat, Txominenea auzoa uholdeetatik babesteko egin beharreko urbanizazio lanak egiteko konpromisoak (litekeena da obraren lehenbiziko fasea 2013an hastea), hala nola Martuteneko obrak, 2014an has daitezkeenak, eta, besteak beste, zubi zaharra bota eta berria egitea ekarriko dutenak.
Herri Babeseko zinegotzi ordezkari Nekane Burutaranek, berriz, eskerrak eman dizkio Suhiltzaileen Zerbitzuari uholdea izanez gero nola jokatu behar duten jakiteko informazioa emateagatik bizilagunei.
2012/07/06-an argitaratua