Donostiaren berreraikuntzaren bigarren mendeurrena: Irailean amaitzen da proposamenak aurkezteko epea
Irailaren 15era arteko epea egongo da ekarpen gehiago egiteko. Udal Erregistroan aurkeztu daitezke, edo emailez bidali.
Donostiako Udalak jakinarazi nahi du norbanakoek, elkarteek eta erakundeek irailaren 15era arteko epea daukatela 2013 egitarauari begira proiektuak eta proposamenak aurkezteko.
Udal Gobernuak hainbat proiektu, proposamen eta ideia jaso ditu honez gero, bereziki, iragan uztailaren 18an egindako bilera irekiaren harira. San Telmo Museoan egindako hitzordu hartan hainbat eta hainbat ekarpen jaso ziren, eta bertan jakinarazi zen bezala, irailaren 15era arteko epea egongo da ekarpen gehiago egiteko. Udal Erregistroan aurkeztu daitezke (gaian “
Donostia 1813-2013” jarrita), edo emailez bidali. Horretarako helbide elektroniko berria sortu da: Donostia1813_2013@donostia.org.
Gaur egun ezagutzen dugun Donostiaren oinarriak 1813an ezarri ziren. 2013an beraz, badago zer gogoratu. Donostiaren berreraikuntzaren bigarren mendeurrena, mugarri historiko bat, hiriak merezi duen bezala oroitu behar duen urteurrena da. Donostiako Udalak, honengatik guztiarengatik, datorren urtean, gizarte zibilarekin batera sustatuko dituen ekitaldiak gertatutakoaren oroimenaren alde izango dira, eta, era berean, gogoz eta ausardiaz hiriaren berreraikuntza bultzatu zuten hiritarren aitorpenaren alde. Haize berrien garai hauetan ere gure hiria eraikitzen jarraitzeko herri osoaren konpromisoa behar baita.
Udal Gobernuaren ustez bigarren mendeurrena gogoan izateko egitaraua proiektu kolektiboa da, eta, hortaz, erakunde publiko eta pribatuek, nahiz eragile ekonomiko, sozial eta kulturalek, hala nola donostiar guztiek programazio eta antolamenduan inplikatzeko aukera izan behar dute. Asmoa da, beraz, ekarpenak egiteko interesa dutenekin batera egitaraua osatzeko prozesuan parte hartzea.
2012/08/08-an argitaratua