Udalak 780.000 euro inbertituko ditu udan hainbat ikastetxetan hobekuntza lanak egiteko.
Esate baterako, leihoak aldatzea Mendiolan eta Arantzazuko Ama ikastetxeetan, leihoak aldatu eta terraza konpontzea Amara Berri-Salaberrian eta kanpotik irisgarritasun hobea izateko obrak egitea Orixe-Urgullen (arrapala eta igogailua jartzea).
Donostiako Udalak aurtengo udan ere ekin dio hirian diren ikastetxeetan hobekuntza lanak egiteari, bai ikastetxeetan eta baita haur eskoletan ere. Inbertsioak 780.000 euro joko du guztira. Hori da Udalak jarritako dirua. Aurreko urtean onartu eta aurten egingo diren obretan, %60a Eusko Jaurlaritzak jarriko du. Kasu honetan, Udalak 440.000 euro jarriko ditu.
Aste honetan bertan hasitako obrak dira horiek, haurrak udako oporretan direla hasitakoak. Esate baterako, leihoak aldatzea Mendiolan eta Arantzazuko Ama ikastetxeetan, leihoak aldatu eta terraza konpontzea Amara Berri-Salaberrian eta kanpotik irisgarritasun hobea izateko obrak egitea Orixe-Urgullen (arrapala eta igogailua jartzea).
Gainerako obrak obra txikiak edo ertainak dira. Aurtengo udan egingo dira horiek ere, eta 2012ko aurrekontutik ordainduko. Orotara 340.000 euro gastatuko ditu Udalak obra horietan guztietan.
Amasorrainen, Altzan, Intxaurrondo Hegoan eta Zuhaizti-Ategorrietan energia eraginkortasuna hobetzeko obrak egingo dira. Era berean, Orixe-Urgulleko berogailuaren galdara aldatuko da. Segurtasuna, alarma sistemak eta ebakuazio irteerak hobetzeko obrarik aipagarrienak, berriz, beste ikastetxe hauetan egingo direnak dira: Aieten, Aitor Ikastolan, Jakintzan (Heriz), Zuhaizti-Aldakonean, Zuhaizti-Biterin, Altzan, Herreran, Katalin Erauson, Zuhaizti-Ategorrietan, Intxaurrondo Hegoan, Orixe-Urgullen eta Oletan. Altzan eta Aitor ikastetxeetan jolastokiko hesiak ere aldatuko dira.
Haur eskolak
Beste ikastetxe batzuetan egingo diren hobekuntza batzuk hauek ditugu: Arantzazuko Ama ikastetxean, jolaslekuko zorua aldatuko da; Herreran, komunak berrituko dira; Urbietan, galeria bat itxiko da; Zuhaizti-Biterin, leihoak aldatuko dira; Oletan, pintaketa lanak egingo dira, eta Altzan, zorua berrituko da.
Haur eskoletan, berriz, obra hauek egingo dira: Zuloagan, estalki txiki bat jarriko da sarrera eta eskailera inguruan; Urbieta-Urdanetan, tabike bat egingo da bi jolas guneak bereizteko; Egiako Aitorren, irakasleen komunak berrituko dira; Errotetan, bi gune komunikatuko dira; Ategorritxon, ikasleen kotxe txikien estalpea handituko da, eta Bidebietan beste leiho bat aterako da fatxadan.
Obra guztiak Hezkuntza departamentuak sustatuak dira. Hala, Hezkuntza departamentuko zinegotzi Naiara Sanpedrok adierazi du inbertsio hauek ondo erakusten dutela gobernu taldeak zeren alde egiten duen: hezkuntzan inbertitzen jarraitzearen alde, nahiz eta udalak eskumen handirik eduki ez arlo honetan. “
Urtero-urtero ikastetxeak hobetzen jarraitzen dugu, batez ere mantentze lanak, irisgarritasuna hobetzekoak eta energia eraginkortasuna handitzea helburu duten obrak eginez. Gehienak obra txikiak dira, energia kontsumoa murrizteko, eta horixe da, hain zuzen ere, udal gobernu honek duen politiketako bat: iraunkortasun neurriak bultzatzea”.
2012/07/04-an argitaratua